Espainia, ofizialki Espainiako Erresuma (gaztelaniaz Reino de España), Europar Batasuneko estatuetako bat da. Honako muga hauek ditu: mendebaldean Portugal eta Ozeano Atlantikoa, iparraldean Frantzia, Andorra eta Bizkaiko Golkoa (Ozeano Atlantikoa), ekialdean Mediterraneo itsasoa eta hegoaldean Gibraltar (Erresuma Batua), Gibraltarko itsasartea eta Maroko (Ceuta eta Melillaren hegoaldean). Espainiak Iberiar penintsularen zatirik handiena hartzen du; gainera, Balear Uharteak ditu Mediterraneo itsasoan; Kanariak, Ozeano Atlantikoan; eta, Afrika iparraldean, Ceuta eta Melilla autonomia hiriak eta espainiar subiranotasuneko beste lurrak. Guztira 504.645 km² dituenez, Europako laugarren herrialderik handiena da. Estatuaren hiriburua Madril da. Etimologia España izenaren jatorria eztabaidan dago. Hizkuntzalari gehienek diote Hispania, Iberia izendatzeko erromatar izena zela. Hori, Ispanihad punikotik datorrela diote "untxien lurra" edo "izkina" esan nahi duena eta Espainiaren kokapen geografiaren ondorioz jarri zitzaiola izena; Hadrianoren garaiko Espainiako erromatar txanponetan untxi bat ere agertzen zen.[1] Badaude España euskarazko Ezpanna hitzetik datorrela esaten dutenak, euskaraz "izkina" edo "muga" adierazten duela, Espainiako iberiar penintsulan kokatzen baita, Europaren beheko ezker izkinean.[2] Geografia Sakontzeko, irakurri: Espainiako geografia Espainia satelite irudian Hego-mendebaldeko Europan kokatua dagoen Iberiar penintsula gehiengoa hartzen du, baita ere bi uhartedi (Kanariak eta Balearrak), bi hiri (Zeuta eta Melilla) eta Afrika iparraldeko hainbat uhartetxo (Chafarinak, Peñón de Alhucemas, Peñón de Vélez de la Gomera eta Isla Perejil). Europako laugarren estatua luze-zabalena da Errusia, Ukraina eta Frantziaren atzetik, eta Europar Batasuneko bigarrena. Espainiako muga fisikoak hauek dira: mendebaldean Portugal eta Ozeano Atlantikoa, ekialdean Mediterraneoa, hegoaldean Gibraltarko itsasartea eta Maroko eta iparraldean Pirinioak eta Bizkaiko Golkoa. Lehorreko mugak 1 920 km luze dira: Portugal (1 214 km), Frantzia (623 km), Andorra (65 km), Maroko (15,9 km) eta Gibraltar (1,2 km). Ibai handiek zeharkatzen dute, hala nola, Duero, Ebro, Tajo, Guadalquivir, Guadiana, Jucar eta Segura. Historia Sakontzeko, irakurri: Espainiako historia Espainiako historia lehen gizakiak Iberiar penintsulara iritsi zirenean hasten da. Historiaurrea Gizakiaren arbasoak lehen aldiz duela gutxienez 800.000 urte agertu zen Iberiar penintsulan, Burgosko Atapuerca aztarnategian aurkitu diren arrastoen arabera. Gizaki honi Homo antecessor izena eman diote. Lehen Homo Sapiens gizakiak duela 40.000 urte agertu ziren, herri aurre-indoeuroparren arbasoak direnak, beste gizaki espezieak iraungi baitziren. Goi Paleolitoan, duela 16.000 urte, Madeleine kultura garatu zen Bizkaiko Golkoaren inguruan Euskal Herrian, Asturiasen eta Kantabrian, Dordoinarekin batera. Labar-arte ezagunena Altamira leizea da (K.a. 12.000 inguru). Neolitoan, K.a. 5.500 inguruan, Kanpai Erako Koparen kultura agertu zen. Mende hauetan metalgintza eta nekazaritza garatu egin ziren, eta monumentu megalitikoak eraikitzen hasi. Erromatar Inperioa eta Inbasio Germanikoak Sakontzeko, irakurri: Hispania Erromatarren lehen probintzia banaketa Hispania Iberiar Penintsulari antzinako erromaterrek eman zioten izena da.Hor, bi probintzia sortu zituzten Errepublika garaian, Hispania Citerior eta Hispania Ulterior. Printzipatuan, Hispania Ulterior bitan banandu zen Betika eta Lusitania, eta Hispania Citeriorri beste izen bat eman zioten, Tarraconensis. Geroago, probintzia honen mendebaldea bereiztu zen, Gallaecia izenarekin. Dioklezianok Tarraconensis berriro banandu zuen, Carthaginiensis probintzia sortuz. Probintzia horiek guztiek Mauretania Tingitanarekin batera, Hispania diozesia osatzen zuten, Galiako prefekturapean. Iberia musulmana Sakontzeko, irakurri: Granadako Erresuma Hispania musulmana eta kristautasuna : "Taifas", Leongo Erresuma eta Nafarroako Erresuma 1030an. Granadako Erresuma lehendabizi erresuma "andalusi"a izan zen eta, geroago, kristaua. Hiriburua Granadako hirian zuen eta erresumako azken erregea Boabdil izan zen, 1492ko urtarrilaren 2an Errege-erregina Katolikoek garaitu zuten arte. Arabiar eta berebereak iberiar penintsulara iristean, kokaleku judu bi zeuden, Iliberis (Elvira) eta Granata izenekoak. Arabiarrek lekuari Garnat Al-Yahud (اليهود) (juduen granada) izena eman zioten. 1238. urtean Mohamed-ben-Nasr, Al-Hamar Gorria (الحمر) ezizenez ezaguna, Granadara iritsi zen eta Haizearen Oilarraren Jauregia (ondoren Alhambra izanen zena) okupatu. Bera izan zen Nasri edo Nazari dinastiaren fundatzailea (horregatik Erresumari Granadako Nasri Erresuma ere baderitzo). Dinastia honek hogei sultan izan zituen. Hasieran erresuma hau Gaztelako errege-erreginen adiskidea izan zen, nahiz eta denborak aurrera egin ahala, eta Granadako Erresumaren ahuleziaren ondorioz, tributuak ordaindu behar izan zizkion independentziaren truke. Nasri dinastiako azken erregea Abu Abd Allah (Boabdil) izan zen. 1492an Errege-erregina Katolikoen armada Granadako ateetara iritsi zen, gaurko Santa Fe herrira. Boabdilek Errege-erregina Katolikoekin negoziatu eta Erresumaren errendizioa onartu zuen: hiria entregatu zuen bertako biztanle musulmanen ohitura eta usadioak errespetatzearen truke. Boabdilek eta bere gorteak, herritar ugarirekin batera, Granadatik alde egin zuten Afrika iparraldeko lurralde islamiarretara. Handik gutxira, Errege-erregina katolikoek akordioa urratu eta musulmanen aurkako errepresioari ekin zioten. Errege-erregina Katolikoak Granadara sartzearekin batera, erresuma Gaztelako Koroaren erresuma bilakatu zen. Aginte musulmanaren erortzea eta Bateratzea Sakontzeko, irakurri: Gaztelako Erresuma 1218an Salamancako Unibertsitatea sortu zuten, Espainiako zaharrena. Pizkundetik XIX. mendera Sakontzeko, irakurri: Amerikaren Aurkikuntza eta Espainiar Inperioa 1492ko urriaren 12 an Europear kolono talde batek, Kristobal Kolon buru zutela, Asiara iritsi zirela pentsatuz, Karibeko itsasoko Guanahani uhartera iristeari, Espainiako Errege Katolikoen agindupean. Historia unibertsaleko momentu gorenetariko bat dela esan ohi da, aurkikuntza hark, bortitza izan zen arren, bi giza mundu oso desberdinen topaketa ekarri zuen, ordura arte bakoitzak bere bidea jarraitu zuen bestea existitzen zela ere jakin gabe. Kristobal Kolonek uste zuen Asiara -garai hartan Indiak- iritsi zela, eta uste horrekin utzi zuen mundua, Europarrentzat ezezaguna zen kontinente bat aurkitu zuela jakin gabe. Amerikaren aurkikuntza hitza ez dute egokitzat jotzen Amerikar gehienek. Kolon Amerikara iritsi zenererako Amerika ia oso populatuta baitzegoen eta Amerikako bertakoek esploratuta baitzuten lurralde guztia Kolon iritsi zenerako. Historialari batzuk Kolon Ameriketara iritsi edo espainiolak Amerikara heldu izenaz deitzea gomendatzen dute. Aurkikuntzaren ondoren Amerikaren Kolonizazio prozesu bat eman zen Europar estatu batzuen eskutik. Europarrak teknologikoki aurreratuagoak zirela aprobetxatuz, Espainiak, Portugalek, Holandak, Ingalaterrak eta Frantziak Amerikar lurrak kolonizatu zituzten. XIX. mendea Karlistaldiak Sakontzeko, irakurri: Karlistaldiak Karlistaldiak edo karlista gerrak XIX. mendeko hiru garaietan Espainian gertatutako guda zibilak izan ziren. Euskal Herrian eragin handia eduki zuten, herritar gehienek Carlos erregegaiaren alde egin baitzuten. Bigarren Karlistaldia Katalunian nabarmendu zen; gurean, aldiz, bereziki Hirugarren Karlistaldia nabarmendu zen. Lehen Karlistaldia (1833-1840 artean) Bigarren Karlistaldia (1846-1849 artean) Hirugarren Karlistaldia (1872-1876 artean) Elisabet II.aren erregealdia Sakontzeko, irakurri: Elisabet II.a Espainiakoaren erregealdia Elisabet II.a Espainiakoa 1843ko azaroan Espartero erbesteratu ondoren Elisabet II.a Espainiakoari adin nagusitasuna eman zioten, hamahiru urte baino ez zituen arren. Erregealdi honetan izaera zentralista zuen estatu liberala finkatuko zen behin betiko, alderdi moderatuak izan baitzuen boterera erregealdi osoan, bi urteko progresistan izan ezik. Hego Euskal Herrian foru sistema erregimen konstituzional berrira egokitzeko negoziazioek aurrera jarraitu zuten. Seiurteko demokratikoa Sakontzeko, irakurri: Seiurteko demokratikoa 1868ko irailean iraultza La Gloriosa izeneko iraultza gertatu zen, Cádizen itsas armadako Topete amiralak zuzendutako altxamenduarekin. Horri progresistak, demokratak, errepublikarrak, unionistak eta zenbait jeneral (Prim eta Francisco Serrano) lotu zitzaizkiolarik. Bai progresistek zein demokratek batzorde iraultzaileak antolatu zituzten hirietan honako eskakizunak egiteko: Gizonezkoen sufragio unibertsala. Erabateko eskubide eta askatasunak inprimatzeko, elkartzeko, gurtzeko... Politika eta administrazioaren deszentralizazioa. Behin behineko gobernua Serrano unionistak zuzen zuen, Prim izan zuelarik gerra ministro eta errepublikarrak kanpoan geratuz. Lehen hauteskundeak gizonezkoien sufragio unibertsalaren bidez egin ziren eta progresistek, unionistek eta monarkiaren aldeko demokraten sektoreek irabazi zuten. Hego Euskal Herrian kontserbadorismoaren aldeko joera areagotu egin zen hautesle karlistek gehiengoa lortu zutenean hauteskundeetan. Garai horretan karlistak printzipio iraultzaileen aurka agertu ziren eta, bereziki, iraultzaileen antiklerikalismoaren aurka eta batasun erlijiosoaren alde. Eratu zen gobernua berriak 1869ko Konstituzioa eman zuen, subirotasuna nazionala, botereen zatiketa, biltzeko eta elkartzeko askatasuna eta gizonen sufragio unibertsala bezalako printzipioak jaso zirelarik. Erregearen boterea legegilera uzten zuen mugaturik eta eskumen gutxiago eskaintzen zizkion. Gorteetako bi ganbarak sufragio unibertsalez aukeratuko zirela erabaki zen eta gobernuari betoa ezartzeko eskubidea eman zitzaien. XX. mendea Granollersen suntsipena Gerra Zibilean. Espainiaren armarria Trantsizio garaian Espainiako Gerra Zibila Sakontzeko, irakurri: Espainiako Gerra Zibila Gerra haren sorburua izan zen Espainiako eskuindarrek ez zutela onartu ezker alderdien Fronte Popularrak 1936ko otsailaren 16ko hauteskunde orokorren bidez Espainiako agintea eskuratu izana. Uztailaren 17an eta 18an, Espainiako armadaren zati handi batek estatu kolpea jo zuen Errepublikaren gobernuaren aurka, eta Espainia bitan zatitu zen berehala. Hurrengo hiru urtean, milioi erdi bat gizabanako hil ziren: guda zelaian 300.000, eta errepresioaren ondorioz 200.000. Guda zelaietatik at egindako hilketa horietatik, 50.000 errepublikarren kontrolpeko eremuan izan ziren (faxisten estatu kolpearen ondorengo bost hilabeteko kaos hartan, ia guztiak), eta gainerako den-denak frankistek eragin zituzten. Errepublikar agintariek, beren kontrolpeko eremuan, hilketa horiek gerarazi zituzten berehala; agintari frankistek, berriz, hilketa horiek egiten lagundu zuten, aurkariak eta aurkari izan zitezkeenak hiltzea frankistek beren gobernua sendotzeko nahita erabilitako estrategia izan zen.[3] Gerraren ondoren, Francisco Franco jeneralak bereganatu zituen estatuko aginpide guztiak, Caudillo titulua hartuta. Gerra hark Hego Euskal Herria ere zatitu zuen. Alde batetik, eusko abertzaleak eta ezkerreko alderdiak errepublikaren alde agertu ziren. Bestetik, Euskal Herriko zenbait lekutan oso indartsu zen alderdi karlistak eskuindarren alde jo zuen, eta berehala Nafarroa eta Araba eskuindarren ondoan lerrokatu ziren. Bizkai-Gipuzkoetan Eusko Jaurlaritza eratu zen, baina urtebete geroago Mola jeneralaren indarrek militarki okupatu zuten Hegoalde osoa. Euskal Herrian, gerra hartako gertaera ezagunena Gernikako bonbardaketa izan zen. Gernika foruen ikur garrantzitsua izateak eta Picassoren Gernika margolanak eman diote ospea bonbardaketa hari. Gerraren ondoren Bizkaia eta Gipuzkoa "probintzia traidoreak" (provincias traidoras) izendatu zituen Francok, eta ordu arte izan zuten ekonomia ituna ezeztatu zien (Arabak eta Nafarroak mantendu zuten). Frankismoa Sakontzeko, irakurri: Frankismo Espainiako Gerra Zibila matxinatuek irabazita, Francisco Franco jarri zen estatuburu; demokrazia suntsituta, diktadura ezarri zuen. Frankismoak gogor zapaldu zituen erregimenaren aurkariak, bereziki lehenengo urteetan. Gerraondo hartan, Hitlerri eta Mussoliniri laguntza eman zien (Gerra Zibilean haiengandik jasotako laguntzaren ordainetan), eta estatuaren garapena gelditu zuen. Geroago, Estatu Batuekin harremanak berrezarri zituen, eta ekonomia zerbait bultzatu zuen. Frankismoa, erregimen politikotzat, Francoren beraren heriotzarekin amaitu zen. Estatuburu postua Joan Karlos I.ak hartu zuen, Francok horretarako izendatu baitzuen ondorengotza legean. Orduan hasi zen diktadura erregimenetik monarkia parlamentariora pasatzeko bidea, gaur egun Espainiako trantsizioa deritzona. Demokraziara itzultzeko trantsizioa Sakontzeko, irakurri: Espainiako trantsizioa Espainiako trantsizioa deitu zaio Francoren diktaduraren amaieratik hasi eta mendebaldeko herriek demokratikotzat onartutako estatu bat izatera pasa zen arteko denbora horri. Dena dela, Espainiako oraingo estatuburua, Joan Karlos I.a, Francok izendatu zuen, ondorengotza legean. Espainiaren historian bi data jarri ohi dira muga bezala, hasiera Francisco Franco diktadorearen heriotza izango zen, 1975eko azaroaren 20a eta amaiera 1982ko urriaren 28a, PSOEren garaipen data hauteskundeetan. Francok zer esan zuen bere ondorengotzari buruz, “dena lotuta eta ondo lotuta” utzi zuela. Urte haietan frankismoaren koadroek gerra zibiletik herriaren baitan txertatutako beldurra erabili zuten eskatutako aldaketak beraiek nahi zituzten mugetaraino soilik iristeko eta, gainera, diktaduraren baitako krimen larriak inolako zigorrik gabe gera zitezen. Elkarbizitzaren beharra gogoratuz eta beste gerra zibil bat ez sortzeko mezua behin eta berriz azaleratuz krimen larrienak bizi izan zituzten generazioak hil arte iraun zuen isiltasunak.